24 orduko telefono-atentzioa

Txarto zaude nekez zehaztu dezakezun harremanean? Ez dakizu jasaten ari zarena tratu txarra den, baina lotsagatik eta/edo ikaragatik ez zara ausartzen inorekin horri buruz hitz egiten? Eraso sexualik jasan duzu? Jazarpen sexualik eta/edo sexuagatiko jazarpenik jasaten duzu lanean?

Ez duzu ulertzen zergatik zauden egoera horretan eta inork sinetsi eta/edo lagunduko ez dizula uste duzu? Blokeatuta zaude eta estuasunak ez dizu urratsa ematen uzten? Ez dakizu nondik hasi?

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Genero Indarkeriako Biktimen Atentziorako Zuzendaritzak 900 840 111 Telefono bidezko Atentzio Zerbitzua eskaintzen die edonolako genero-indarkeria jasaten duten emakumeei eta euren senideei, adiskideei eta profesionalei, kasu zehatzen bat ezagutzen dutenean edo, oro har, laguntzarako jarraibide onenak zein diren jakin nahi dutenean eta atenditzeko eta/edo esku hartzeko prestatzen ari direnean.

2006. urteaz geroztik, honako hauexek atenditzen ditu zerbitzuak:

  • Genero-indarkeria jasaten duten emakumeak: tratu txarrak, eraso sexuala, jazarpen sexuala edo lanean sexuagatik gertatutako jazarpena eta sexu-esplotaziorako emakumeen salerosketako biktimak.
  • Biktimen senideak eta ingurukoak edo adiskideak.
  • Baliabide bateratuetako eta/edo GKE-etako profesionalak.
  • Gai honi buruzko informazioa nahi duten biztanle guztiak.

Bertan, eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan atendituko zaitu genero-indarkeriarekin lotutako zenbait arlotako prestakuntza eta esperientzia dituzten profesionalen taldeak. Horrez gain, genero-indarkeriako biktima zuzenekin eta zeharkakoekin, inguruko beste pertsona batzuekin eta inguruneko profesionalekin garatutako jarduketa zuzenean ere badute prestakuntza berezirik.

Zerbitzu hau 55 hizkuntzatan ematen da, eta entzuteko desgaitasuna dutenentzako Atentzio Zerbitzu Egiaztatua eskaintzen du. www.telesor.es webaren bidez emandako irtenbide teknikoa da, eta, horri esker, zuzenean jarriko dira harremanetan Genero Indarkeriako Biktimen Atentziorako Linearekin.

Entzuteko disgaitasuna dutenentzako zerbitzua txataren antzera dabil, eta, agerikoa denez, pribatua izango da atentziorako profesionalaren eta konexioa egiten duenaren artean.

Bertan sartzeko, aplikazioa mobilera, PDAra edo testu-telefonora jaitsi besterik ez duzu (gailuak aplikazioak jaisteko baimena eman beharko du zerbitzuen hornitzailearen bitartez).

900 840 111 telefonora deitu inolako zalantzarik gabe (era berean, 016 telefonora deitu eta EAEkoa zarela azaldu dezakezu).

Eskainitakoa:

  • Entzuketa, euspena eta laguntza emozionala.
  • Genero-indarkeriaren aurrean nola jokatu jakiteko aholkularitza eta egoerari aurre egiteko laguntasuna.
  • Emakumeen ingurune hurbilenean dauden eta erabili ditzaketen zerbitzuei eta/edo baliabideei buruzko informazio osoa: zerbitzu sozialak, sanitarioak, judizialak, polizialak...
  • Biktimarentzako baliabide egokienarekin hitzordua jartzeko aukera.
  • Genero Indarkeriako Biktimentzako 24 orduko atentzio Zerbitzuak eskatzen duenean, premien arabera abian jarriko den aholkularitza juridikoa.
Azken eguneratzea: 2011/09/22