Printzeak eta printzesak

Zu gabe ez naiz ezer,
aurpegia bustitzen didan euri-tanta,
nire mundua txikia da; eta nire bihotza, izotz-puska.
Maitasuna benetakoa ez dela uste nuen,
beti amaitzen den ilusioa,
eta, orain, zu gabe ez naiz ezer.
Zu gabe, neska bihurria.
Zu gabe, neska tristea.
Burkora besarkatuta,
ohean etzanda,
telebistari begira eta ezer ikusi gabe.
Maitatu maitatze aldera eta negarrez hasi,
arimaren egiazko txoko sakonenean.

Amaral (musika-taldea). “Sin ti no soy nada” abestia

Bazen behin...

Gogoan dituzu txikitako ipuinak? Euretako bat irakurri duzu berriro eta behar bezala hausnartu duzu nolako emakume eta gizon ereduak azaltzen ziren printze urdinaren eta esaneko printzesa ederraren inguruan?

Badirudi ipuin haietatik haratago gaudela, baina ingurura begiratuz gero, maitasuna, sufrimendua zein etsipena nahasten dituzten abestiak kontuan hartuz gero, hain muturrekoak diren maitasunaren eta indarkeriaren kontzeptuak nahasten dituzten film askotako argudioei erreparatuz gero eta gure heziketako maitasun erromantikoaren eredua aintzat edukiz gero, argi eta garbi dago ipuin horiek eraldatu egin direla. Hala ere, bitartekoak justifikatzen dituen helburudun maitasun erromantikoaren mezua Errauskiñeren ipuinean bezain indarrean dago gaur egun.

Horrelako ipuin gehienetan, printzesa pasiboa da (edo, ostantzean, garbitzen dago, Edurne Zuri ipuinean bezala), eta printzea noiz salbatuko ote duen zain dago. Printzea, gainera, adoretsua, aktiboa da beti, eta printzesa eramaten du sari moduan, printzesari zer uste duen galdetu gabe, jakina. Horrez gain, amaierako esaldia honako hauxe zen beti: “Zoriontsuak izan ziren betiko”.

Maitasun erromantikoaren mitoa

Zoriontsuak izan ez baziren, ordea?… Zer egin zezakeen printzesak, gertatzen zena gertatzen zela ere harik eta hil arte printzea miretsi behar omen zuenean? Zer egin zezakeen nagusitan, hain ederra eta gaztea ez zenean? Nunila Lópezek eta Miriam Camerosek emakume helduentzat egindako ipuin hau irakurri. Bertan, hezkuntza informal horren bidez igorri diguten heziketaren eragina eta sexismoa nabarmentzen dira. Pentsarazi egingo dizu eta hausnartu egingo duzu!

Mendebaldeko emakumeak maitasun erromantikoaren mitoan hezten dira oraindik, eta familiaren ideia hartzen dute eredutzat. Orain arte dakigunagatik, maitasun-eredu horrek emakumeen desberdintasunezko egoera sortzen du oraindik, tratu txarrak jasateko arriskuan jartzen ditu eta baliteke egoera horren jakitun ez egotea harik eta itzulerarik gabeko unera iritsi arte. Eredu horren arabera, hain zuzen ere, “maitasunak edozeri aurre egiten dio”, jeloskortasuna ontzat hartzen da eta grinak edukitza zein indarkeria justifikatzen ditu.

Maitasun erromantikoaren ereduak saldu egiten digu maitemintzeko eta beste pertsona idealizatzeko lehen fase hori betierekoa izango dela, baina hori ez da egia eta hortxe sortzen dira frustrazioak. Lotune sentimentalei eusteko hezitako emakumeek maitasun erromantiko horren ametsari heltzen diote, printze urdin horri, gizona aldatu dezaketen fantasiari, maitasunak edozeri aurre egiten dion ideiari. Maitasun erromantikoaren eredu horren ondorioz, gizonek beste pertsona euren jabetzakoa, euren erdia dela uste dute, berdintasunezko harremana alde batera utzita, hau da, euren nortasuna galdu gabe bi pertsona elkarrekin egon daitezkeela onartu ezinean.

Badirudi sufrimendurik gabeko maitasuna maitasuna ez dela, grina indarkeriarekin uztartzen da, inoiz ez askatasunarekin… Hori dela eta, oso zaila da tratu txarretan noiz sartzen zaren ikustea, hasieratik “grinazko maitasuna” dela uste duzulako eta jeloskor dagoenean, beretzat bakarrik eduki nahi zaituenean ondo sentitzen zarelako...

Oso zaila da bikote-harremanak askoz instrumentalagoak direla onartzea eta, maitemintzeko fasearen ostean, egunez egunekoa hain erromantikoa izango ez dela ikustea, etxebizitza ordaindu behar denean, seme-alabak zaindu behar direnean, ustezko banaketak daudenean... Ez da batere erraza maitasun erromantikoaren tranpa aztertzea, baina bide hori urratu eta hain traumatikoa ez den harremanaren ideia birsortu dezakezu, berdintasunean nahiz errespetuan oinarrituta eta tratu txar bihurtzeko arriskurik gabe.

Mikromatxismoa, definizioa eta ereduak

Badakizu zer den MIKROMATXISMOA? Honako hauxe da Luis Boninoren esanetan: “mikrotasunaren ordenan egunero ematen diren gizonezko menderakuntza-jardun antzemanezinak”. Hau da, gaur egun berdintasunezkoa omen den gizartean bere horretan dirauten matxismo-modu sotilak. Nekez antzematen dira, matxistak ez diren antzeko beste jokabide batzuekin agertzen direlako. Hori dela eta, baliteke berdintasunezko harremanak eragoztea eta zeure baitan sentitzea zerbait ez doala hain ondo, nahiz eta zer den jakin ez. Orain arte, behintzat...

Luis Boninok dioenez, mikromatxismoak menderakuntza zein indarkeriarako maniobra sotil-sotilak dira, gizonek erabiltzen dituzte eta ia-ia antzemanezinak dira, ez dira batere agerikoak. Batzuetan, epe laburrari begira, jokabide horiek arrunt bihurtzen dira erabiliaren erabiliaz, eta oso zaila da izena jartzea edo jasaten ditugula adieraztea.

  • Mikromatxismo zuzenak: etxeko lanetan ez parte hartzea, larderiatzea, etxeko lanaren balioa ukatzea dirua kontrolatzeko aitzakiapean, diruaren erabileraren berri ez ematea, aisialdiaz gozatzea emakumearen lan-gainkargaren lepotik, etxea “bere gauzez” betetzea...
  • Ezkutukoak hemen, menderakuntza-asmoa ez da hain argia, baina azkenean nahi dutena egiten duzu: etengabeko egozpenak, xantaia emozionalak, kasketaldiak, emakumearen ume-nahiarekin bat egitea baina ez zaintzea, beste batzuen aurrean etengabe egindako ezeztapenak, etxeko lanak egitean sortutako ahanztura selektiboak...
  • Krisi-mikromatxismoak emakumeak jazarpena jasaten du, desberdintasunezko egoera itzuli dadin, emakumeak jabekuntza lortu duelako bizitzan edo gizonak lana galdu duelako. Halakoetan, honako hauexek izango lirateke estrategiak: pena ematea, emakumea bere arrakasten errudun sentiaraztea edo arrakasta horiek gutxiestea, urrunketa zigor moduan erabiltzea, kritika saihestea: “zeren kexu zara, horrelaxe ezagutu baninduzun?, opariak, azaleko aldaketak...

Hona hemen zugan sortutako ondorioak:

  • Etengabeko kexa, porrot-sentipena, narriadura emozionala...
  • Buru-estimu mugatua, bizi-kalitatearen murrizketa.
  • Zure aurreikuspenak, proiektu pertsonak eta erabateko emakume-garapena mugatzen dira, eta ez duzu nahi duzuna egiten edo ez duzu horretarako astirik.
  • Sumingarritasun kronikoa, egonezin nahasia.

Hona hemen harremanean sortutako ondorioak:

  • Azkenean, nahi duena egiten uzten diozu (“nolatan ez dudan amore emango! Ezin dut egun osoa borrokan eman.”).
  • Badirudi arazoen erruduna zarela, aldaketa proposatzen baduzu eta berak uko egiten badu, ez dakizulako benetan zer gertatzen den eta berak egoera txarraren errua botatzen dizulako.
  • Harremanak txarrera egiten du, eta bikotekideak “gerra hotzeko” gerlariak dira, nonbait.

Oso garrantzitsua da sufrimenduz, sakrifizio pertsonalez eta ukoz betetako maitasun patetiko horiek azaltzen hastea, baina, batez ere, neurri handiagoan edo txikiagoan, askok euren bikote-harremanetan honako hauxe bizi eta jasan dutenean: irain bat edo beste, euren aukera edo iritziengatiko errespetu-falta, askatasun-mugaketak, gutxiespen bat edo beste, hau edo bestea egiteko presioak, xantaiak eta inposaketak.

Pilar Sampedro

Hasteko, konturatu egin beharko ginateke munduan inork betiereko zoriontasuna emango ez digula, nork bere burua maite behar duela eta geure nortasunaz lortu behar dugula maitatuak izatea. Era berean, beste maitasun eta harreman eredu batzuk ere badaude, eta ez daude uko, sakrifizio eta oinazean oinarrituta. Bestetik, maitasuna gure bizitzako atal bat baino ez denez, ez uko egin zeure banakotasunari eta berezko izaerari, ezta bizi-proiektuei eta zeure esparruari ere.

Azken eguneratzea: 2011/09/22