Argitalpen-data: 2015/02/18

Segurtasun Sailak itsas fenomenoengatiko abisu meteorologikoen sistema berritu du, hemendik aurrera itsasoak kostaldean duen inpaktua ere kontuan hartuko baitu, egungo olatuei eta galernei buruzko aldagaiez gain.

Ozeanoen zein meteorologiaren abisu-sistema bi aldagaitatik hiru aldagaitara zabaldu da.

Bilbon, 2015/02/18. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak kostako fenomeno gogorrengatiko abisu meteorologikoen sistema zabaldu du, zeren itsasoak kostaldean duen inpaktuari buruzko aldagai berri bat ere kontuan hartuko du. Aldagai berri honek orain arteko galernei eta olatuei buruzko bi aldagaiak osatuko ditu eta azken hori itsas nabigaziora egokituko du.

Berrikuntza hori azken hamar urteetan Euskadin izandako denboraleak aintzat hartzen dituen ikerketa batean lortutako emaitzetan oinarritzen da. Ikerketa hori Tecnaliako Meteorologia Unitateak eta Azti Tecnaliak egin dute, udalekin, aldundiekin eta Aseguruen Konpentsazio Partzuergoarekin elkarlanean.

Horrela, kostatik bi miliatara bitarteko, orain arteko, olatuen egoerari eta galernen eraginari buruzko ohiko abisu hori, alerta laranja eta alarma gorrietan, olatu horiek itsasoko azpiegituretan sor dezaketen inpaktua ere barnean sartuko da.

Kostan olatuek duten inpaktuari buruzko aldagai berria martxan jarrita, Segurtasun Saileko Larrialdietako eta Meteorologiako Arreta Zuzendaritzak denboraleek itsasertzean sortzen dituzten kalteak murriztu ahal izango ditu, kostako erabiltzaileei aurretiazko informazio-maila handiagoa emango baitie.

Abisuen sistema berria

Kostako inpaktuari buruzko aldagai berria azterketa batean oinarritzen da eta horrelako parametroak konbinatzen ditu azterketa horrek: Olatu adierazgarriaren altuera, olatuaren gailurraren periodoa, marearen altuera eta olatuen norabidea. Parametro horietako edozeinen maila handiagoa bada, logikoa den bezala, ondorioztatzen dena da itsasertzean kalte materialengatiko ondorio handiagoak izango direla.

Hala ere, begiratu batean pentsa daitekeenaz bestela, itsasoaren egoera, mareak eta kalte materialak erlaziona daitezkeen parametro horiek guztiak batzeko gai den aldagai bat topatzea ez da erraza izan, nahiz eta, azkenean, olatuek itsasertzeko azpiegituren gain duten «gainditze-indizearekin» zerikusia duten bi aldagai aurkitu diren. Azken 10 urteetan euskal kostan denboraleek eragindako kalte historikoekin korrelazioa dute aldagai horiek.

«Gainditze-indize» horiek olatuek kostara iristean duten kotarekin erlazionaturik daude eta itsasoa zenbat “igo” daitekeen jakiteko informazio-gakoa eskainiko dute, olatuen eta mareen ezaugarrien nahiz ezaugarri astronomiko zein meteorologikoen efektu konbinatuari esker.

Azkenean, ikerketa aplikatzeak ekarri du Meteorologiaren Euskal Agentziak, Euskalmetek, ozeanoen zein meteorologiaren abisu, alerta eta alarmen sistema berri bat proposatzea, eta horrela birdefinitu dira abisu, alerta eta alarma horiek:

  • Kostako inpaktuari buruzko abisu berriak (arreta berezia jarriko da itsasertzeko pasealekuetan, kostatik, kostako errepideetatik, portuetatik eta antzerakoetatik gertu dauden hiriko kaleetan).
  • Nabigaziora eta jolas- zein kirol-jarduerara bideratutako itsasoaren egoerari buruzko abisuak (kostatik 2 miliatako marjinan mugitzen diren itsasontzientzat eta dabilen haizearen zein dagoen itsas hondoaren arabera itsasoko egoerari arreta berezia jarriko zaio).
  • Galernei buruzko abisuak, batez ere, hondartzako eta itsasoko jolas- zein kirol-jardueretarako, eta arreta berezia jarriko da udan.

Aurkezpen publikoa

Azterketa zein abisuen sistema berria, gaur, Bilbon azalduko zaie Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundietako, kostako udaletako, portuetako, arrantzaleen kofradietako, itsasoko salbamenduko, Arrantza Zuzendaritzako, Ingurumeneko Zuzendaritzako, babes zibileko boluntario eta abarretako arduradun politiko eta teknikoei.

Ekitaldiaren burua Segurtasun sailburu Estefanía Beltrán de Heredia izango da eta ondoan izango ditu Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga eta Larrialdietako eta Meteorologiako Arreta zuzendari Pedro Anitua.

Ekitaldian zehar, abisu-sistemaren funtzionamenduari eta abisuen sistema berriak ezarri eta berehala eskainiko dituen prebentzio-abantailei buruzko informazioa eskainiko da.



Oharra: Ekitaldiaren estekatik, berari lolutako dokumentazioa jaso daiteke eta Meteorologia-fenomeno kaltegarriak iragartzeko, segimendua egiteko eta esku-hartzeko protokolo berria ere bai.