Argitalpen-data: 2015/03/23

Euskalmetek 'zeure garai berean' 25 urte bete dituela ospatzeko ekitaldiak hasi ditu.

EHAAk, 1990eko ekainaren 19koak, Euskal Meteorologia Agentzia eta Euskal Meteorologia Batzordea sortzeko Dekretua argitaratu zuen.

Martxoaren 23an ospatzekoa den Munduko Meteorologia Egunarekin bat eginez, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak, Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga, Larrialdiei Aurre egiteko zuzendari Pedro Anitua eta Euskalmeteko egungo arduradun José Antonio Aranda eta Euskal Meteorologia Agentziaren arduradun ohiak alboan zituela, Euskalmeten sorreraren 25. urtemuga ospatzeko antolatutako ekitaldien berri eman du.

Segurtasun Sailak, «Euskalmet: 25 años compartiendo tu tiempo/Euskalmet: 25 urte, zeure garai berean» lelopean, hainbat ekitaldi egingo ditu pertsonen bizitza eta ondasun materialak babesteko eguneko 24 ordutan eta urteko 365 egunetan zaintzara eta iragarpenera bideratutako eta larrialdiei loturiko herritarrentzako etengabeko zerbitzua ezagutarazi, gizarteratu eta baliozkotzeko.

Gaur goizeko ekitaldian, Euskalmeteko adituek Euskal Autonomia Erkidegoa azken 25 urteotan gogorren jo duten kontrako fenomeno meteorologikoak aztertu dituzte, 2003ko bero-bolada, 2009ko uztailean Gasteizen botatako txingor-zaparrada edo 2014an euskal kostaldea kolpatu zuten denboraleak, kasu.

Era berean, Segurtasuneko sailburuak Euskalmeten historiaren errepasoa egin du, agentziak epe labur eta ertainean abiaraziko dituen proiektuen berri emateaz gain: «25. urteurrenaren data sinbolikoari baino gehiago erreparatu nahi diogu Euskalmetek Twitterren dituen 43.000 jarraitzaileei eta irratiaren, telebistaren edo Internetaren bidez Euskalmeten iragarpenak jarraitzen dituztenei. Gizarteratze orokor horretan eta Euskalmeten iragarpenek eta alertek izaten duten harreran datza Euskalmeten balioa gizartean.« »Hori da egiaz ospatu behar duguna, poztu behar gaituena, eta hori lortzea ahalbidetzen dutenak zoriontzeko arrazoia».

Euskalmeten arduradun guztiekin familia-argazkia atera eta opil batean kandela bat piztuta hasi dira Euskalmet, leloak dioen bezala, zeure garai berean 25 urtez egon dela ospatzeko ekitaldiak.

Euskalmet urtea

Euskalmetek mende laurdena bete duela ospatzeko, hainbat ekitaldi eta ekimen gauzatuko dira datozen 12 hilabeteetan.

Nabarmenetako jardueren artean, Gaztea irrati-kateak Gasteizen antolatuko duen Gatibu euskal rock-taldearen kontzertua, fenomeno meteorologikoei buruzko argazki-lehiaketa eta Euskalmeten ibilbideari buruzko liburuaren argitalpena.

 

EUSKALMETEN MUGARRI NAGUSIAK

Gernikako Estatutuak meteorologia-esparruaren gaineko eskumen osoa eman zion Euskal Autonomia Erkidegoari 1979an. Hala ere, 1983ko uholde larriak gertatu arte, Euskadiko orduko arduradun politikoek ez zuten premiazkotzat jo euskal meteorologia-agentzia bat edukitzea.

1987 eta 1989 urteen artean, Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak egoeraren eta beharren gaineko azterlanak egiteko kontratazioak abiarazi zituen. Azterlan horietan ondorioztatu zenez, lehentasuna elkarren artean denbora errealean konektatutako estazio meteorologiko automatikoen sare bat eratzea zen, unean uneko informazioa edukitzeko.

Hala bada, 1988 eta 1989 urteetan instalatu ziren lehen estazio meteorologiko automatikoak, Oinarrizko Sarea eratuz. Orduko hartan, Oinarrizko Sarea 26 estazioz osatuta zegoen (Euskalmeten 16 eta Espainiako Meteorologia Institutuaren 10).

1990 urtea mugarria da Euskalmeten historia, orduan sinatu zelako Euskal Meteorologia Agentzia eta Euskal Meteorologia Batzordea sortzeko Dekretua. Euskalmet egia bihurtu zen.

Urte hartan bertan, Erabilera anitzeko Sarea eratu zen. Garai hartan, foru aldundiak, EHU, EEE eta Eusko Jaurlaritzako hainbat sail kide diren Euskal Meteorologia Batzordeak datu-bilketako sistema bakar bat sortzea erabaki zuen, Erabilera anitzeko Sarea, datu meteorologikoak eta hidrologikoak uztartzeko.

Ordutik aurrera, Oinarrizko Sareak garrantzia galdu zuen, harik eta desegin arte. Hala bada, Euskadiko Sare Hidrometeorologikoa eratu zen, egun ere erabiltzen dena, eta hedatzen ari direna, euskal administrazio guztien partaidetzarekin (Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak, udalak, ur partzuergoak, etab.).

1992 urtea ere mugarri izan zen Euskalmeten historian. Agentziak lehen mailako profesionalak behar zituen eta EHU arduratu zen horiez hornitzeaz, ikertzaileak prestatzeko lankidetza-hitzarmenak izenpetuta.

Urte berean, Euskalmetek neurketa ozeano-meteorologikorako lehen sistemak instalatu zituen. Itsasoan gertatzen zenaren berri izatea zen asmoa. 2002an, Pasaiako plataforma ozeano-meteorologikoa instalatu zen, Azti-Tecnaliarekin elkarlanean. Lau urte geroago, 2006an, sare ozeano-meteorologikoa osatu zen, itsaso zabaleko buiak ainguratuta.

1995ean, orduan Euskal Meteorologia Zerbitzua zeritzonak, Eusko Jaurlaritzaren irrati eta telebista ikuskatzeko sarea baliatuta, irrati-komunikaziorako sare propioa abiarazi zuen. Horrek aukera eman zion informazio meteorologiko eta hidrologikoa hamar minutuan behin jaso eta zabaltzeko, ordura arte orduan behin egin zezakeen eta.

1996an, berriz, Euskalmetek jauzi teknologiko handia eman zuen, Punta Galean (Bizkaia) instalatu zuen haize-profilagailua Iberiar penintsulan lehena izan baitzen.

Sasoi hartan, Euskalmetek informazio meteorologikoa jaso eta zabaldu besterik ez zuen egiten. 2001etik aurrera, aldiz, errotik aldatu zen hori guztia, zaintza eta iragarpeneko sistema sortuta. Aurrerakoan, euskal agentzia informatzeaz gain, atmosfera behatzeko eta Euskadin gerta daitezkeen fenomeno meteorologikoak iragartzeko gai izan da. Funtsezko egiteko horren ardura EUVEko profesionalen esku dago, egun Tecnalia Fundazioaren Meteorologia Alorrean dihardutenak.

2002an, Interneten eta teknologia berrien bat-bateko hedapenaren harira, Euskalmetek bere webgunea sortu zuen, bitarteko funtsezkoa dena edonori informazioa helarazteko, informazio meteorologikoa zerbitzu publiko eta doakoa dela uste dugunez.

Bi urte geroago, Euskalmetek beste jauzi teknologiko bat eman zuen, izpiak neurtzeko eta hautemateko sare bikoitza ezarrita.

Alabaina, Euskalmet meteorologiaren lehen lerroan kokatu duena 2005ean Kapilduiko radarra martxan jartzea izan da. Urriaren 20an, orduko lehendakari Juan José Ibarretxek Arabako Kapildui mendian 1.162 metroko garaieran estrategikoki kokatutako ekipamendu berria inauguratu zuen.

2009an, Euskalmetek herritarrekiko komunikazioa hobetzea erabaki zuen, koloretako abisuak ezarrita. Horrenbestez, euskal agentziak egoera meteorologiko desberdinen larritasuna sailkatzea lortu zuen, lau larritasun-maila koloreka bereizita:

  • Maila berdea: Ez dago meteorologia-arriskurik.
  • Maila horia: Abisu-egoera. Ez dago herritarrentzako meteorologia-arriskurik, nahiz eta jardueraren baterako bai.
  • Maila laranja: Alerta-egoera. Meteorologia-arrisku handi samarra.
  • Maila gorria: Alarma-egoera. Meteorologia-arrisku muturreko eta salbuespenekoa.

2010ean, Euskalmet Segurtasun Sailean sartu zen, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza (LAMZ) sortu ondotik. Meteorologia eta larrialdiak Zuzendaritza bakarrean bateratuta, Eusko Jaurlaritza gai da biztanleei denik eta erantzun onena emateko kontrako meteorologiak eragindako edozer arazoren aurrean. Hala, fenomeno garrantzitsuren bat iragartzen denean, larrialdiak kudeatzeko makineria abian jartzen da gertatutakoarekin eta, bereziki, gertatzear dagoenarekin zerikusia duten erakundeei, zerbitzuei eta herritarrei informazioa eta/edo alertak jakinarazteko. Horrelakoetan, bakarrik abisu meteorologikoak ez, inpaktu meteorologikoen berri emango dute LAMZek eta Euskalmetek.

2011n, Euskalmetek sare sozialetan sartzea erabaki zuen, eragiketen berri emateko. Hala bada, @Euskalmet sortu zuen, Eusko Jaurlaritzako Twitterreko kontu jarraituena, 43.000tik gora jarraitzaile dituena.

Horri esker, Euskalmetek gertatuko denaren berri ez ezik, denbora errealean gertatzen ari denaren berri ere ematen du. @Euskalmet, beraz, Euskadiko abisu eta larrialdien sistemako bitarteko bat gehiago da.

2013 eta 2015 urteen artean, Euskalmet Uholde Arrisku Handiko Eremu (UHAE) deituen proiektuan inplikatu da.

Gobernu Kontseiluak 2015eko urtarrilaren 13ko bilkuran onartu zuen EAEko Uholde-arriskuaren aurkako Larrialdietako Plan Berezia, 1999ko ekainaz geroztik indarrean egon den Uholdeen Plana ordezkatzekoa, kalte pertsonalak eta materialak minimizatu eta, aldi berean, uholde-egoeran zer-nola jardun azaltzeko.

Horrenbestez, plan berriaren helburua uholdeek eragindako kalte pertsonalak eta materialak murriztea da, aldi berean, uholde-egoeretan zer egin adierazita. Euskalmetek, Uraren Euskal Agentziarekin lanean, eremu horietan ibaiak duen maila neurtu eta herritarrei jakinarazten die.

Azken hamarkadan euskal kostaldea kolpatu duten denboraleak aztertuta, Euskalmetek 2015ean abisu-sistema zabaltzea ekarri du, kostako inpaktuari loturiko abisu berria ezarriz. Proposamen berri horrek larrialdiei buruzko informazio meteorologikoa hobetzea ekarriko du.